XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oskarrak 87: And the winner is...

GIZATALDE bakoitzak bere zeremonia bereizgarriak dituen bezalaxe zeluloide deboratzaileok ere badugu halakorik.

Martxoak 30ean, datorren astelehen gauez izan ere, Los Angelesko Dorothy Chanler Pavillon esparru delarik, Oscars 87 zinema galardoien banaketa ospatuko da, sari partitze beronen LIX. edizioari ekinez.

Aipatu lehenik, akademiako kideen betiereko erizpide baldintzagarrien arabera, bi filmek merezi izan dutela zortzi nominaziokin bakoitzak besteek ez bezalako harrera abegitsua.

Honezkero jakingo duzutenez, Platoon, Vietnamgo gerran lekuturiko epopeia belikoa eta A room with a view girotze victoriarreko komedia, ditugu.

Bi pelikula hauek, kurioski, garai batetik honuntz pantaila erraldoietan berpizten hasia den girodun delako filme korrontearen eredutzat jo genitzake.

Adierazgarriak benetan bi zinta hauen arteko parekotasunak, bien casting-etan adibidez, ez dira lehen mailako vedetten izenik agertzen.

Egun bogan den zinegintza joera honek, autore zinema deituaren ezaugarriak nolabait gordez ikutu komertzialeko produktuak eskeintzen dizkigu.

Eta argiro antzeman daitekenez, arrakasta handiz gainera.

Buruko bien jarraiean, tropel hestua osatuz: Woody Allen zinegile kamalehoiaren Hannah and her sisters, zeinak komedia sozialaren sabela tajuz ireki ondoren, 1978an bezala New York-eko Michael's Jazz Club-ean igaroko baitu 30aren iluntzea, klarinetea joaz.

Beatoek eta horren beato ez garenok ere atseginez ikusi genuen The Mission filme ebangelizatzailea eta gormutuen arazo intimistak azaltzen dizkigun Children of a leasser Godek osatzen dute sari preziatuenaren atzetik dabiltzanen zerrenda.

Baina gatozen orain, panoramika travelling bihurtuz, jauregiko konspirazio eta ego desberdinen arteko batailak sortarazten dituzten ataletara, izen propioak jokuan jartzen dituzten horietxetara.

Nominatuei begira, aurtengo aktore ereduak gauerdiaren inguruan Mona Lisa gormutu batek El Salvadorren billar partida jokatzen antzeztu beharko luke.

Aktoresei dagokienean berriz, Fondak edaria utziko du, Matlin berriketan hasiko zaigu, Spacek atzera ezkondu egingo da, Turnerrek ohizko xarma galduko du eta Weaver sanbo federazioan izen emango luke; baldin eta heuren erregistroen itzulkortasuna sariturik ikusiko ez balute.

Planu sekuentzia berri bat zabalduz, akademiako 3.400 kideren ustetan Allenek, Ivoryk, Joffek, Lynchek eta Stonek burutu dituzte ihazko obrarik itxurosoenak.

Bestalde, amerikanofiliaren gaitzezleek, kasik kanpoz at, hizkera ez ingeleseko filme nominatuen gorabeherak jarrai ditzakete; ondoko nominatuak parte The Asault, Le déclin de l'empire americain, My sweet village, 38 eta Betty Blue zerrenda amaituz.

Nolanahi ere, ez baita zinemaren munduan oscar deritzan kontsoladore erraldoi hori baino sari desiratuagorik, berau dugu aktoresa menopausikoen amets, izen handiko profesionalen kolofoi, teknikari ilunen izerdien ordain edota hil zoriko mito zaharrentzako limosna hunkigarri.

Zinemak maldan beherako egoera bizi arren, oscarrena majiaz inguraturiko ospakizuna dugu, ze mihi nahiz luma biperinoak gorabehera, zazpigarren artearen lilura ahalmenak oraindik bizirik dirau.

Baliteke, ametsen itzulpenak ikuskizun bilakatzen dituelako izatea.

Demagun hortaz, aurretikoa ezartzeko asmorik gabe, zilegi dugula gau horretan esatea Hau da Hollywood!.

Sergio BASURKO.